Nire baitako sinesgogor patologikoa isilarazita, 2017an ni ere egon nintzen sinestetik hurbil Katalunia independentziara zihoala. Hain ikusten nituen ahaldundurik eta beren indarrez seguru, hain plan zehatz eta mirakuluzko baten jabe, abertzale katalanak. Urriaren 1eko erreferendumaren ondoko egunetara arte iraun zidan lilurak. Geroztik, har eszeptikoa sendotu baizik ez zait egin barrenean. Une batez sentitutako hurbiltasuna urruntasun bilakatu zen noizbait. Bekaitzari asperdurak hartu zion lekua. Herri miresgarri hau procések sortutako bide-matazatik atera ezinean ikusteaktristura moduko batutzi dit hondarrean larruari itsatsia. Orain, pozgarritik guti ekarri dute igandeko hauteskundeek. Hautestontziek utzitako paisaia deabruzkoan zernahi gerta daiteke. Estreinakoz, sozialista espainiarrak dira lehen indarra Katalunian, botoetan nahiz jarlekuetan, baina horrek ez du erran nahi Illak Generalitateko lehendakaritza eskuratuko duenik. Bozkak errepikatu beharra ere gerta liteke, urte gehiegi dirauen itzuli-mitzuli etengabea areago luzatuz. Hori baino lehen, PSCk eta JuntsekPuigdemont berriz ere presidentegin lezaketela iradokitzen zuen atzo batek baino gehiagok: nik zuei Madrilen, zuek niri Bartzelonan. Lorpen horrek, dena dela, ez luke ezkutatuko igandeko bozketak utzitako berritasun mingarria: ahalegin eta sufrimendu guztien ondotik, abertzale katalanek beren xedeak urrun, hagitz urrun dituzte egun. Sostengu ematen zieten herritar aunitz nazkaturik, ez dira gehiago nagusi Katalunian. Ezker aldea –Esquerra, CUP– ahuldu zaie bereziki, eta, aldiz, eskuin muturrean inork nahi ez zuen saihetsa ernatu. Nazionalismo espainiarra, berriz, iratzarri da eta harro dabil Katalunian. Politikan, kulturan, ekonomian, hizkuntzan, agenda espainola itzuli da herrialdera. Ez dakit merezi zuen halako bidaia egitea.